Hiruretan Jatorri Deitura gazteena izateaz gain, txikiena ere bada, Aiaraldeko bost udalerri bakarrik hartzen baititu barne: Aiara, Artziniega, Amurrio, Laudio eta Okondo, eta udalerri horietako zazpi upategi.
Aiaraldeak eremu atlantikoetako klimaren ezaugarri leunak ditu: 13,1ºC-ko batez besteko tenperatura, urtean 899 litroko prezipitazioak, hego-haizea 170 egunez eta batez beste 12 eguzki ordu egunero, apiriletik urrira bitarteko prozesu begetatiboan.
Bailarak ongi gorde du bere fisonomia naturala, eta azken urteetan mahasti kopurua asko handitu den arren, guztiak daude upategietatik hurbil, edo behinik behin, 3 kilometro baino gutxiagora. Lurrak 5,2 eta 8,2 arteko PHa du, 6,2 eta 9,2 arteko kareharri aktiboarekin; bi ezaugarri horien ondorioz, txakolinak azidotasun berezi bat du, eta ukitu mikatzak atze-gustuan.
Gomendatutako mahats barietateak: Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Beltza
Baimendutako mahats barietateak: Hondarrabi Zuri Zerratia/Petit Courbu, Izkiriota/Gros Manseng, Izkiriota Ttippia/Petit Manseng, Sauvignon blanc, Riesling eta Chardonnay.
TXAKOLIN MOTAK
Kolore hori-berdexka zurbiletik hori lastokararainoko tonuak har ditzake, eta presentzia karboniko natural arin bat du. Indar ertaina du sudurrean, sagar berde, fruta tropikal eta zitriko aromekin eta lore eta belar ukitu ahulekin. Ahoan nahiko azidoa eta iraunkorra da, eta batzuetan badu atze-gustu mikatz bat.
Aipagarria da bere itxura, arrosa zurbil, teila eta izokin tonuen arteko kolorea baitu, presentzia karboniko natural arin batekin. Fruta eta fruitu gorri aromak ditu (basoko fruituak eta gereziak), lore eta belar ukitu leunekin. Aho-igarotze azido samarrekoa da, bizia mihi-puntan eta fruta usain arinekoa.
Pikota-gerezi beltz kolorekoa, izpi more eta ubel indartsuekin, eta posible da karboniko natural pixka bat agertzea. Indar handikoa sudurrean, baratza eta basoko fruitu txiki atze-usainekin bai eta lore eta belar ukitu leunekin. Ahoan freskoa eta apur bat azidoa da, fruta usainak nagusitzen zaizkio eta atze-gustu mikatza du amaieran.
Sedimenturik gabea, horitik lasto kolorera bitarteko tonuak hartzen ditu. Barrikako tostatu eta fruta zitriko aromak ditu sudurrean. Ahoan, berriz, egituratua da, egur eta fruta azido aromak nagusitzen dira, eta batzuetan atze-gustu mikatz oso txiki bat izan dezake amaieran.
Azken hamarkadetan, Aiaraldeak antzinako ardogintza jarduera berreskuratu du, aspaldiko mendeetan hasi zena. 864. urterako agertzen dira Artziniegako mahastien lehen erreferentziak. Luzaroan jardun arrunta izan zena desagertzeko zorian egon zen joan den mendean, 5 hektarea mahasti soilik gelditu zirelarik bizirik. Gaur egun, Arabako Txakolina JDren eskutik, eraldaketa eta berrikuntza prozesu sakon batean murgilduta dago, eta horrela ezarri ditu sektorea suspertzeko oinarriak.