Bizkaian mota desberdinetako lurralde asko daude. Mahastiak garapen industrial handia izan duen hirigune baten inguruan daude, baina aldi berean, itsasertzetik gertu, edo barnealdeko bailaretan eta garaiera ertaineko mendi-hegaletan, eta kokaleku desberdin horiek guztiek ezaugarri bereziak ematen dizkiote txakolin bakoitzari.
Klima atlantikoari eta Bizkaiko Golkoaren eraginari esker, mahatsa motel heltzen da. Horregatik, esan liteke Bizkaia mahastiak hazteko ezaugarri bereziak dituen lurralde bat dela: badu behar besteko hezetasuna, udan tenperatura epelak ditu itsasoaren hurbiltasunagatik, udazken lehor eta goxoak hego-haizeagatik, eta klima euritsua neguan zein udaberrian.
Mahastiak garaiera desberdinetan daude, hasi itsas-mailatik eta 400 metroraino. Sakonera gutxiko lurrak dira, nahiko azidoak eta limo buztintsukoak, hareharri eta tuparri gainean zabaltzen direnak. Ingurune lainotsua denez, mahastiak apropos landatzen dira maldan, eguzkiaren argia ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Mahats barietate nagusiak:: Hondarrabi Zuri, Hondarrabi Zuri Zerratia eta Hondarrabi Beltza.
Baimendutako mahats barietateak: Mune Mahatsa, Izkiriota, Izkiriota Ttippia, Sauvignon Blanc, Riesling eta Chardonay.
TXAKOLIN MOTAK
Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Zuri Zerratia mahats zuri barietatearekin egiten da, eta kolore hori zurbiletik hori lastokararainoko tonuak har ditzake.
Indar ertainekoa da sudurrean, baina konplexutasun aromatiko handia du: fruta zuri ñabardurak nagusitzen dira, baina beste ukitu batzuekin konbinaturik, besteak beste, lore, zitriko eta belar aromekin. Ahoan nahiko azido, fresko eta orekatua da, eta atze-gustuan badu mikatz puntu bat.
Tradizionalki “Oilar begi” deitu izan zaio, eta Hondarrabi Beltza mahats beltz barietatea sartzen zaio gutxienez % 50eko proportzioan. Kolore arrosakara du, basoko fruituen aromak, eta baratza eta piper berde atze-usainak. Egitura arin-ertaina du ahoan, eta erraza da edateko. Fruta-usaineko zaporea du, atze-gustu luzekoa.
Nortasun markatuko ardo gaztea, da Hondarrabi Beltza mahats barietatearekin egina. Kolore gorri bizia du, gerezi gorri eta ubel tonuekin. Sendoa da sudurrean, fruitu, piper berde eta baratza ukituekin, eta atze-gustuan ere nabaritzen dira.
Behin haritzezko barrikan hartzitutakoan, kolore hori lastokaratik hori zurbilerainoko tonuak har ditzake. Fruta eta lore aromak ditu, beste baltsamiko batzuekin batera. Ukitu horiek berriz agertzen dira atze-gustuan.
Mahastiak ia erabat desagertu ziren XX. mendearen hasieran, atzerriko ardoen lehiaren, industrializazioaren eta izurriteen erruz. 80ko hamarkadaren erdialdean, bertako ekoizle talde bat lanean hasi zen txakolina berreskuratzeko asmoz, eta haien ahaleginaren eskutik iritsi zen 1994an Txakoli de Bizkaia-Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitura, sektoreak azken hamarkadetan izan duen gorakadaren bultzatzaile nagusia.